Ibarrak igarobide gisa bizi izandako historiak eta zibilizazio desberdinen joan-jinek osatu dute egungo bailarako ondarea.
Hainbat monumentu megalitiko daude Esteribarren, besteak beste, Iragialdeko Baiarneguiko trikuharriak, edo Armaia inguruko Baratxueta mendiaren hegalean direnak. Eugitik hurbil ditugu Gurutxaga, Amuz eta Arbaieta ere.
Berriki, erromatar miliario bat aurkitu da bailaran, Antonino A34 ibilbidean agertzen den XXXIV bidearen adar baten pasabidea kokatzen duena. Inguruko haranetan egindako aurkikuntza arkeologikoek egiaztatzen dutenez, Ab Asturica Burdigalam (Astorga-Bordele) bidean barna, hurbil diren Artzibar eta Erro ibarretatik igarotzen zen bide hau. Erdi Aroan Akitania Bidea bezala ere ezagutu zen. Bestetik, burdin aroko hainbat kastro ere badira bailaran zehar, honen adibide dugu besteak beste Zubiriko herrian kokatzen den Mureluko kastroa.
Antzina-antzinatik da ezaguna Ibarra zeharkatzen zuen erromatar galtzadak bailaran izandako garrantzia. Bidarri hau Donejakue Bidearen zati bihurtu zen, eta gaur egun Bide Frantsesa bezala ezagutzen da, XI. eta XI. mendeen artean sortu eta erromes ibilbidea izateaz gain, Europa arteko kultur trukerako ibilbide garrantzitsua.
Ezin dugu ahaztu Eugiko Errege Munizioen Fabrika. Nafarroako Gobernuak Kultur Intereseko Ondasun (KIO) izendatu zuen 2016an, monumentu eta gune arkeologiko izendapenarekin. Eugiko Kontzejuak bere berreskurapen arkeologikoa sustatu zuen mugaz gaindiko "Yelmo" programaren baitan. Programa hori Nafarroako Magnesitak enpresak eta Europar Batasunak finantzatu zuen Feder funtsen bidez, Pirinioetako Lan Elkartearekin lankidetzan. Armaola monumentu multzo bat da, 10.000 m2 hartzen dituena, non antzinako herrigunean 500 pertsona inguru bizi izan ziren.
XVIII. mendeko garaiaren distira hura, egiturara mugatzen da egun. Arga ibaiaren gaineko arkuak dira hobekien kontserbatu diren aztarnak.
Frantziako mugaren ondoan toki estrategikoan kokatua, arma zein munizioak fabrikatzeko beharrezkoak ziren baliabide natural ugari zeuden bertan. Horrela, mendiko ezpondaren contra kokatu zen Eugiko Errege Arma Fabrika. Olaberriko parajean izan zen hori, eta jardunean jarraitu zuen 1794an frantsesek Konbentzioko Gerran suntsitu zuten arte. Kanoientzako munizioa eta burdinazko arma arinak ekoizten zituzten gehienbat, eta zerbitzua eman zuen urteetan, erantsitako herrixka bat sortu zen bertan, eskola, mediku etxe, kapera eta hilerri eta guzti.
XVIII. mendean industria aitzindari hau Koroarentzat funtsezkoa izan bazen ere, Eugiko armagintzan bazen beste aurrekaririk ere, izan ere, bere garaian, hiru burdinola izatera iritsi baitzen Eugiko herria.
XV. eta XVII. mendeen artean, Olaondo inguruan izan zen burdinola horietako bat, egungo urtegiaren azpian, hain zuzen ere. Ondoren, Olazar ingurura aldatu zen, 4 km ibaian gora. Egun, Urkiagako mendatetik Iruritarako bidegurutzea dugu bertan. Filipe II.ak 1536an erosi eta Milango eliteko armaginak jarri zituen bertan lanean. Horrela, kaskoak, armadurak, burdinurtuzko ponpak, granadak eta kalibre ezberdineko munizioa egin izan ziren han. Munduko onenen artean daude arma eta ekoizpen horietako asko, hala nola Filipe III.a eta Filipe IV.aren haur-armadurak. Gaur egun, Madrilgo Armeria Museoan ikus daitezke.
Gaur egun, Eugiko Errege Arma-olaren hondakinek bere egituraren esentzia mantentzen dute, eta arku eta harresietako batzuk ikus daitezke, Kintoko pagoen itzaletan, sastraken artean ezkutaturik.
Errege Arma-olaren historia ezagutzeko: Olondo Eugiko Erreferentzia Zentroan eta www.eugi.es webgunean duzue informazioa.