
2026-2027 ikasturteko aurrematrikulazio epea datozen asteetan irekitzea aurreikusten da eta D eredua bultzatzeko kanpaina martxan jarri dute haien Euskara Zerbitzuen bitartez.
Datozen egunetan abiatuko da Nafarroako hainbat toki entitatek -tartean Esteribarko Udalak- elkarlanean egiten duten D ereduaren aldeko kanpaina. Kanpainaren bidez, familiei D ereduari eta haren onurei buruzko informazioa helarazi nahi zaie, euskarri ezberdinen bitartez. Horretarako, udalerri ezberdinetan zabalduko diren kartelak prestatu dira, QR kode baten bidez informazio-webgune batera eramango dutenak. Kanpaina formatu digitalean ere hedatuko da, udalen komunikazio-kanal ezberdinen bitartez.
Informazio-webgune horretan, besteak beste, D ereduari buruzko informazioa jaso ahal izanen da, edo maiz eginiko galderei (FAQ) emaniko erantzunak kontsultatu, guztia hainbat hizkuntzatan. Gainera, interesa duten herritarrek informazio gehiago jasotzeko aukera izango dute harremanetarako kontaktua utzita.
